Proiektua

NEW ABC proiektuak bederatzi berrikuntza-ekintza egingo ditu Europar Batasuneko bederatzi herrialdetan. Ekintza horien helburua izango da haur eta gazte errefuxiatu eta migratzaileei hezkuntzaren bidez laguntzea harrera-gizarteetan integratzen. Haur eta nerabeen gaitasunak, talentuak eta asmoak askatasunez esperimentatzen, garatzen eta sustatzen ikasteko ezintasuna faktore erabakigarria da (Save the Children, 2017); erakusten digu desberdintasun horiek zedarritzen dutela haien integraziorik eza, eta, gainera, ahuldu egiten dutela haur etorkin eta behartsuen etorkizuna.

Goitik beherako politiken eta haur eta etorkinen ahots eta gaitasunak gutxi txertatu izanaren ondorioz, apenas hartu izan dira kontuan populazio-talde horiek, eta, aintzakotzat hartu direnetan ere, oso modu sinbolikoan. NEW ABC konprometiturik dago hezkuntza orokorrean aldaketa jasangarri eta berritzaileak egitearekin, alderdi interesdun guztiak gaitzeko eta ahalduntzeko, aldaketaren benetako eragile bihur daitezen eta ez daitezen mugatu politikak gomendatze hutsera. Ildo horretan, NEW ABCrekin lankidetzan sortu diren proiektu pilotuek hainbat dimentsio eta interes-talde biltzen dituzte. Haurrek zein gazteek (ikasle etorkinak eta bertakoak, laguntzailerik gabeko adingabeak, asiloa eskatzen duten gazteak eta errefuxiatuak) aktiboki parte hartuko dute ekintza guztietan. Proiektu horietan esku hartuko dute ikastetxeek eta irakasleek, gizarte zibileko toki-erakundeek, gobernuz kanpoko erakundeek, irakaskuntzako eta kulturarteko zentroek, komunitateak eta familiek, eta guztiek ere ikaskuntza-baliabide formalak, informalak eta ez-formalak landuko dituzte, hala eskolan nola eskolaz kanpo.

Beste hainbat jardunbide egoki elkarrekin sortzeaz eta aplikatzeaz gainera, herrialde jakin batean emaitza eraginkorrak izan dituzten praktikak ere baliatuko dituzte. Proiektu pilotu bakoitzak tokian-tokian identifikatutako premiei erantzuten die. Hezkuntza-sistemara sartzean edo sistematik kanpo geratzean haur eta gazteek izaten dituzten erronka linguistiko, kultural, sozial eta emozional espezifikoek zehaztuak dira premia horiek. Praktika horien bidez, eraginkortasun handiagoa lortu nahi da hezkuntzaren eta gizarteratzearen arloko politikak lantzean, izan politika horiek tokikoak, nazionalak edo nazioartekoak.