Testuingurua

Europar Batasuneko estatu kide askotan izan berri diren etorkin-oldeek areagotu egin dituzte harrerako herrialdeetan fenomeno horrek eragiten dituen erronkak (Europako Batzordea, 2016). UNICEFen datuen arabera (2016), 18 urtetik beherako 5,4 milioi migratzaile bizi dira Europan; hau da, munduko sei migratzailetatik bat, gutxi gorabehera.

Azken berrogeita hamar urteei buruzko kontakizunek iradokitzen dutenez, Europa «integrazio-kontinente» bihurtu da (Scholten et al., 2015:1). Hala ere, zenbait herrialdetan gertatu berri diren gorabehera soziopolitikoek agerian uzten dute etorkinekin loturiko erronka eta gatazka garrantzitsuak daudela konpontzeko inklusioari dagokionez. Haur errefuxiatuak edo etorkinak bereziki kalteberak dira halako gatazken aurrean; izan ere, desberdintasunak, diskriminazioa eta integratzeko eragozpen handiak bizi dituzte, adingabeak izate hutsagatik.

Jatorriz migratzaileak diren ikasleak gizarteratzera bideratutako politika eta neurri nazionalei buruzko ikerketak erakusten duenez, nabarmen aldatzen dira Europar Batasuneko estatu kideetan aplikatutako politikak (EB 2016; Eurydice 2019). Ikerketa horrek agerian uzten du jatorri etorkineko haurrek oztopo eta desberdintasunei aurre egiten jarraitzen dutela, eta ez hezkuntzaren alorrean bakarrik, baita bizitzako beste alderdi garrantzitsu batzuetan ere (EB 2016; ELGE/EB 2015), eta hori eragozpen erabakigarria da haien familiak eta, eskala handiagoan, talde etniko/linguistikoak gizarteratzeko prozesuan, bai eta haien etorkizunerako ere.

Testuinguru horretan, hezkuntza-sistemek hainbat erronkari egin behar diete aurre, batetik, gero eta handiagoa delako kultura-, hizkuntza- eta etnia-aniztasuna, eta, bestetik, desberdintasun sozioekonomikoen eraginez. NEW ABCk hezkuntzaren bidez egingo du ekarpena, funtsezko elementutzat baitu inklusioak arrakasta izan dezan etorkinen bizitzaren esparru eta dimentsio guztietan.